Ohiko galderak

Kontzeptuak eta terminologia

Mastodon sare sozial federatu eta libre bat da.

Federazioa deszentralizazio mota bat da.

Deszentralizazio maila Adibideak Azalpena
Zentralizatua Twitter, Facebook, Instagram Zerbitzu erabat zentralizatuak dira. Erabiltzaile guztiak instantzia bakarrera konektatzen dira. Instantziaren jabea den enpresa edo erakundeak du kontrol osoa.
Federatua E-maila, XMPP, Mastodon Elkarren artean komunikatu daitezkeen hainbat instantziak esatutako sarea. Ez dago erdigune bakarra, maila bereko erdigune asko baizik. Instantzia bakoizak bere arauak jar ditzake. Erabiltzaileak zein instantzia erabili nahi duen hautatu dezake edo bere propioa sortu.
Parekoen artekoa BitTorrent, IPFS, Scuttlebutt Sareko nodo guztiak maila berean daude. Ez dago erdigunerik. Elkarrekintzak parekoen artean ematen dira, ez dago bezero/zerbitzari bereizketarik.

Sare sozial zentralizatuetan (Twitter, Facebook...) instantzia bakarra egoten da. Mastodonen kasuan hori ez da horrela, elkarren artean federatutako hainbat instantzia baitaude.

Federazioaren parte den zerbitzari bakoitzari instantzia esaten zaio. Instantzia bakoitzak bere arau propioak ditu.

Elkarren artean konektatutako milaka instantzia daude. Batzuk erabilera orokorrekoak dira, beste batzuk hizkuntz komunitate baten inguruan sortuak, badira gai edo afizio baten inguruan sortutakoak ere. Edozein kasutan, lasai, elkarren artean federatuta daudenez beste instantzietako erabiltzaileak jarraitu eta haiekin komunikatzeko aukera izango duzu eta. Nahi izanez gero kontu bat baino gehiago sor ditzakezu instantzia desberdinetan.

Instantzia hauek gomendatzen dizkizugu:

  • mastodon.eus: Euskararen eta euskal kulturaren komunitatearentzat sortutako Mastodon sare sozialeko euskarazko instantzia da.

  • mastodon.jalgi.eus: Instantzia euskaldun eta burujabea.

  • mastodont.cat: És una instància en català de la xarxa social Mastodon, per la comunitat de llengua i cultura catalana d'arreu d'internet. Katalanez badakizu edo ikasten ari bazara hizkuntza erabiltzeko aukera polita izan daiteke.

  • mastodon.social: Mastodon proiektuaren garatzaileek mantendutako erabilera orokorreko instantzia.

Beste instantzia asko daude, instances.social webgunean aurki ditzakezu horietako asko.

Mastodon software librea denez zure instantzia propioa ere sor dezakezu nahi izanez gero.

Fedibertsoa bateragarriak diren sare sozialen unibertso federatua da. Sare sozial horiek (Mastodon, GNU social, Friendica, Hubzilla, Diaspora, Peertube...) desberdinak izan arren elkarrekin komunikatzeko gai dira. Mastodonen instantzia desberdinetako jendea jarraitu dezakezun bezala, posible da fedibertsoko beste sare sozialetako erabiltzaileak jarraitu eta beraiekin elkarrekintzak izatea.

Mastodon sortu aurretik ere existitzen zen fedibertsoa baina Mastodonen sorrerarekin asko indartu da. Azken aldian proiektu berri gehiago batu dira fedibertsora, adibidez, Peertube bideo plataforma, Pixelfed argazkizaleen komunitatea...

Denbora-lerro lokalean zure instantziako tut publiko guztiak ikus ditzakezu.

Denbora-lerro federatuan denbora-lerro lokaleko tutez gain zure instantziako erabiltzaileek beste instantzietan jarraitzen dituzten erabiltzaileen tut publiko guztiak ikus ditzakezu.

Jarraitzen ez duzun jende interesgarri berria aurkitzeko bide bat dira denbora-lerro hauek.

Mastodonen argitaratutako mezuei tut esaten zaie ingelesez. Momentuz, komunitateak euskarazko hitz bat adosten ez duen bitartean, horrelaxe deituko diegu guk ere.

Bultzadak Twitter-eko birtxioen baliokideak dira, beste erabiltzaileen tutak norbere denbora-lerroan konpartitzeko erabiltzen dira.

Aplikazioak

Tusky

Euskaraz erabil daiteke? Bai

Software librea da? Bai. GNU GPL 3.0 lizentzia du.

Doan da? Bai

Webgunea: tuskyapp.github.io

Lortu F-Droid biltegian Lortu Google Play dendan


Fedilab

Lehen Mastalab izena zuen.

Euskaraz erabil daiteke? Bai (Librezalek itzulia)

Software librea da? Bai. GNU GPL 3.0 lizentzia du.

Doan da? F-Droid-en bai, Google Play ordaindu behar da.

Webgunea: fedilab.app

Lortu F-Droid biltegian Lortu Google Play dendan


Subway Tooter

Euskaraz erabil daiteke? Ez

Software librea da? Bai. Apache 2.0 lizentzia du.

Doan da? Bai

Webgunea: github.com/tateisu/SubwayTooter

Lortu Google Play dendan

Amaroq

Euskaraz erabil daiteke? Ez

Software librea da? Bai. MPL 2.0 lizentzia du.

Doan da? Bai

Webgunea: github.com/ReticentJohn/Amaroq

Lortu Google Play dendan

Erabiltzaileak eta kontuak

Mastodoneko erabiltzaile-izenek bi zati dituzte, adibidez, mastdon.eus-eko administratzailearen kontua @admin@mastodon.eus da:

  • Lehen zatia erabiltzaile-izen lokala da, adibidean, admin.

  • Bigarren zatia zerbitzariaren URLa da, adibidean, mastodon.eus.

Posta elektronikoa ere sistema federatu denez antzera funtzionatzen du. Helbide elektronikoek ere bi zati izaten dituzte: erabiltzailea@adibidea.eus.

Sare sozial zentralizatu batean lehen zatiarekin nahikoa litzateke, erabiltzaile guztiak instantzia berean baitaude. Adibidez, Twitter instantzia bakarra dagoenez @argia edo @berria esanda nahikoa da zein erabiltzailez ari garen jakiteko.

Mastodon bezalako sare sozial federatuetan aldiz, bigarren zatia ere beharrezkoa da. Hainbat instantzia daudenez kontua zeinetan dagoen esan beharra dago, beste intantzia batean izen lokal bereko norbait egon baitaiteke. Adibidearekin jarraituz, @argia@mastodon.eus mastodon.eus instantziako argia erabiltzailea da.

Bai, zure instantzia berdineko eta beste instantzietako erabiltzaileak jarraitu ditzakezu, baita bateragarriak diren Fedibertsoko beste sare sozialetakoak ere.

Erabiltzaileak jarraitzeko modurik errazena bere tutak idazteko eremuaren gainean dagoen bilatzailean erabiltzaile-izen osoa (bi zatiekin, @erabiltzailea@adibidea.eus) bilatzea da.

Erabiltzailea aurkitzen badu bilatzailearen azpian agertuko zaizu. Jarraitzen hasteko nahikoa duzu bere erabiltzaile-izenaren eskuinaldeko ikonoan klik egitea.

Momentuz ez eta etorkizunean ere nekez. Horretarako sare sozial zentralizatuak izateari utzi eta Fedibertsoarekin bat egin beharko lukete, beste instantziekin komunikatzeko protokoloak gehituz beren plataformei.

Bai, noski. Interesgarria iruditzen zaizun beste instantzia bat aurkitzen baduzu han ere kontua sortu dezakezu. Instantzia batzuk erabilera orokorrekoak dira, beste batzuk hizkuntza edo gai baten inguruan sortutakoak dira. Hizkuntza bat praktikatu edo zure interes berdinak dituen jendea aurkitzeko aukera polita izan daiteke.

Jada beste instantzia bateko erabiltzailea izanik (adibidez mastodon.social), mastodon.eus-era salto egin nahi baduzu erabiltzailearen migrazioa burutzeko aukera daukazu:

  1. Sartu instantzia zaharreko Hobespenak > Aldatu profila > Lekualdatu beste kontu batera eta jarraibideak jarraitu.
  2. Gero Hobespenak > Datuen esportazioa eta deskargatu 3 CSVak:
    • Jarraitutakoen zerrenda
    • Blokeatutakoen zerrenda
    • Mutututakoen zerrenda
  3. Sartu mastodon.eus-eko Hobespenak > Inportazioa, aukeratu zein fitxategi kargatuko duen eta onartu.
  4. Hauek egin ostean zuon instantzia zaharreko profila honela ikusiko da:
    https://mastodon.social/@dabidnet
    Eta jarraitzen/blokeatuta/mutututa zenituenak mastodon.eus-en kargatuko dira.

OHARRA: Mastodonek zure kontuaren datu eta multimedia guztiak konprimatutako tar.gz fitxategi batean esportatzeko aukera ere eskaintzen du, azken finean zureak baitira, baina momentuz behintzat ezin dira beste instantzia batetara inportatu.

Kontua ezabatu nahi baduzu, joan Ezarpenak > Segurtasuna atalera, bertako aukeren amaieran aurkituko duzu kontua ezabatzeko esteka. Ezabatu aurretik berresteko eskatuko dizu.

KONTUZ! Kontua ezabatzea konponezina da. Zure tut, irudi eta abarrak galduko dituzu ez badituzu aurrez esportatzen. Zure erabiltzaile-izena ezingo da erabili instantzia horretan hortik aurrera.

Tutak

Bai, #datraolatek ondo funtzionatzen du Mastodonen.

Iametzaren blogeko #datraolatekin traolak eta erabiltzaile-izenak naturalago artikuluan aurkituko duzu Firefox, Chrome eta Safari nabigatzaileetan nola instalatu eta erabili.

Android gailuetan AnySoftKeyboard teklatuan erabil dezakezu #datraolat (d tekla luze sakatuz) Librezaleri esker. Nola instalatu eta informazio Librezaleren blogeko AnySoft Keyboard euskaraz kalean artikuluan.

Bai, oso erraza da:

  1. Egin klik txertatu nahi duzun tutaren hiru puntu botoian (webean)
  2. Hautatu "Txertatu" aukera.
  3. Kopiatu agertuko zaizun kodea. Hori da zure webgunean edo blogean erabili behar duzuna.

Adibidez, @argia​k "Euskal Herri osoan barrena ibili dira Maridomingi eta Olentzero" artikuluan @Zaru_ttikiyaren tut bat erabili zuen Maridomingi eta Olentzero emojiak gehitu genituela erakusteko.

Mastodon.eus

mastodon.eus euskal komunitateak sare sozial libre eta deszentralizatu honetan bere espazioa izan dezan helburuarekin abiatu da. Hainbat eragileren arteko elkarlanetik jaio da, denboran irauteko helburuarekin eta euskarazko komunitatearen inguruan sor daitezkeen bestelako instantziekin erkatzeko borondatearekin, baita, beronen inguruan eragile gehiago biltzen joateko asmoarekin ere.

Hasiera batean honako erakunde eta pertsonen ekimenez abiatu da egitasmo hau:

Mastodon.eus lan taldea irekia, horizontala eta parte hartzailea da. Guztion ekarpenak modu berdintsuan kontutan hartzen dituena eta kolaborazio desberdinetara irekita dagoena. Lan talde honek, besteak beste, mastodon.eus-ek dituen behar izan teknikoak asebetetzea, komunitatea dinamizatzea edota sare soziala arautzea du helburu.

Lan taldean parte hartu nahi duen edonor kaixo abildua mastodon.eus e-posta helbidera idatzi behar du.

Bai, noski. Prentsa orrian dituzu gure logoak kolore eta diseinu desberdinetan eskuragarri, baita promoziorako bideoa ere hainbat bereizmenetan. Material gehiago sortu ahala bertan argitaratuko dugu.

Webgune honetako gainerako edukiek bezala CC-BY-SA 4.0 lizentzia dute. Kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, mastodon.eusen egiletza aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.